Eneko Atxa

Euskal sukaldaritza modernoaren ikur, Eneko Atxak (Zornotza, 1977) bere lekua aurkitu du gastronomiaren gailurrean, sorkuntza eta tradizioen eta ingurumenaren zaintza uztartzen dituen proposamen batekin. Azurmendi jatetxea –Atxaren jatetxe entzutetsuena, hiru Michelin izar dituena– bitan izendatu dute Munduko Jatetxe Jasangarrien The World’s 50 Best Restaurants zerrendan (2014an eta 2018an). Bilbo inguratzen duten muino ederretan kokatua, hondakin eta igorpen kutsagarrien maila minimoekin jarduteko dago diseinatuta Azurmendi. Berotegi bat eta baratze bat dauzka, baita ehun bat hektarea baso ere, egiten dituen CO2 igorpenak konpentsatzeko. Jatetxearen jasangarritasuna % 90etik gorakoa da: menuetako osagaien % 75 jatetxeko baratzean landutako barazkiak eta tokiko ekoizleen barazkiak dira.

Gainera, tokiko familia eta jatetxeei zuzendutako dibulgazio-ekintzetan ere parte hartu du Atxak, hondakinak bertako nekazarientzako ongarri bilaka ditzaten, eta dieta osasungarriak diseinatu ditu ospitaleko pazienteentzat. Azurmendi jatetxeaz gain, Bilbon, Londresen eta Tokion ere ireki ditu jatetxeak euskal chef handienen ikasle-ohi nabarmen honek.