Katina eta Kyle Connaughton

SingleThread-ek jatetxe, baserri eta hotel kontzeptuak uztartzen ditu, eta sukalde tradizionala eskaintzen, sasoiko osagaiekin prestatua, eta Sonomako konderriko ardoak zuzenean eskuratzeko aukerarekin. Kyle eta Katina Connaughton bikotea dago kontzeptu horren atzean. Healdsburgeko (Kalifornia) jatetxe honek hiru Michelin izar jaso zituen 2018an, eta Kyle eta Katina dira jabekideak. Kyle sukaldeko arduraduna da, eta Katina osagai gehienak hornitzen dituen baratze ekologikoaz arduratzen da.

Connaughton-ek Los Angelesen hasi zuen bere sukaldaritzako ibilbidea, hiriko jatetxe japoniar zaharrenetako batean egindako praktikaldi batekin, eta plater gazien zein gozoen inguruko prestakuntza jasotzen jarraitu zuen beste jatetxe entzutetsu batzuetan. Ondoren, hainbat urte eman zituen Japonian Michel Bras chefarekin eta sukaldaritza japoniar tradizionaleko jatetxeetan lanean. 2006an, Heston Blumenthal-ekin bat egin zuen, Fat Duck jatetxeko sukaldaritza esperimentaleko saileko Ikerketa eta Garapeneko sukaldariburu moduan. «Modernist Cuisine» bildumako kolaboratzailea, Culinary Institute of America (CIA) erakundeko Gastronomia Zientzietako programaren arduradunetako bat eta Donabe – Classic and Modern Japanese Clay Pot Cooking liburuaren egilea, beste batzuekin batera.

Katinak Hokkaido uharteko (Japonia) nekazari-komunitate batean bizi zenean ezagutu zuen nekazaritza lehen aldiz. Sukaldaritzako lorategi bat zaintzen jarraitu zuen Ingalaterrako etxalde viktoriar batean eta, geroago, Sonomara joan zen, Nekazaritza eta Barazkigintza Jasangarriko ikastaroa amaitzera. Katina Ag programako eta Santa Rosa Junior College-ko berotegiaren arduraduna izan da eta nekazaritzan aritu da Davis familiaren ardandegian eta The Barlow-en. Kylek eta Katinak Pilot R+D sukaldaritzako garapen-konpainia sortu zuten 2014an. SingleThreaden, 2 hektareako etxalde baten arduraduna da. Bertan berotegiak, barietate zaharren lorategiak, erlauntzak eta animaliak dauzkate, bai eta basafruituak biltzeko programa bat eta loreen sail bat.