Leticia Landak irabazi du Basque Culinary World Prize 2025 saria, La Cocina proiektuan egin duen lanagatik. Proiektu horrek 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta talentua duten eta San Frantziskoko sukaldaritza-sektorean modu formalean integratu nahi duten pertsonak prestatzeko, inkubatzeko eta laguntzeko aukerak sortzea du helburu. Xedea da pertsona horiek, bazterketa-egoeran dauden komunitateetatik abiaturik, beren negozioen buru izan daitezen, errentagarri bihur daitezen, eta, azkenik, gastronomia produktiboaren bihotzaren bidez beren inguruneak eralda ditzaten.
Texasen jaioa da, Estatu Batuetako etorkin mexikar batzuen alaba. Hurbiletik ezagutzen du zer den bereaz bestelako komunitate batean sartzea lanaren eta hezkuntzaren bidez. Bere denbora sukaldeen eta boluntariotza-ekimenen artean banatzen zuen bitartean, Antropologia ikasi zuen. 2015ean, La Cocinan hasi zen, eta haren jarduna funtsezkoa izan da gaur egun 100 bat negozio dituen proiektu baten bilakaeran; proiektu horien artean, badira inkubazioan daudenak eta jada graduatuak.
San Frantziskoko badian 40 jatetxe, kafetegi eta kiosko baino gehiago daude martxan. Lorpen handienen artean, Landak nabarmentzen du parte-hartzaileen % 70ek negozioak aktibo izaten dituela graduatu eta 10 urtera. Haietako batzuk aipatzearren: Reem Assil (Reem’s California, Arabiyya: Recipes from the Life of an Arab in Diaspora liburuaren egilea); Fernay McPherson (Minnie Bell’s, “Rising Star Chefs” San Frantziskon); Nite Yun (Kanbodiako errefuxiatua, gaur egun Lunette jatetxearen jabea; zenbait telesailetan nabarmendua, hala nola Chef’s Table (Netflix)), edo Koji Kanematsu (Onigillyko burua, janari japoniarreko 6 jatetxe dituena hirian).