Lucio Usobiaga

Mexikoko Lucio Usobiaga 2026ko Basque Culinary World Prize (BCWP) sariaren irabazle izendatu dute, Arca Tierra proiektuan egindako lanagatik. Nekazaritza- eta lankidetza-sare horren bidez, Xochimilcoko chinampen nekazaritza-sistema etorkizunera begira jarri du. Usobiagaren aburuz, lurralde batek bizirik iraungo badu, hura lantzen dutenek beren jardueratik bizitzeko aukera izan behar dute. Gaur egun, berrogeita hamar bat ekoizle-familia biltzen ditu proiektuak. Familiek prestakuntza jasotzen dute, eta beren produktuak 60 bat jatetxeri eta 300 bat etxeri hornituz lortzen dituzte diru-sarrerak. Horrez gain, chinampak ikasteko gune ireki bihurtu ditu, eta milaka pertsonak bertan jasotzen dute antzinako nekazaritza-jakintza hori zaintzen dutenen ezagutza.