Ohiko galderak

  1. Zer da Basque Culinary World Prize?

Basque Culinary World Prize nazioarteko lorpenak aitortzeko sari bat da, lehen aldiz 2016an eman zena, eta sukaldeaz haratago eragina duen gastronomia aldaketarako indar garrantzitsua izan daitekeela frogatzen duen chef bikain bati ematen zaio.

Sarituak gizartea hobetuko du, nolabait, gastronomiaren bidez, hainbat modutara: berrikuntza gastronomikoa; konpromisoa gizarte-erantzukizunarekin, jasangarritasunarekin edo komunitatearen garapen ekonomikoarekin; osasunaren edo ingurumenaren arloko kanpainetan parte hartzea; proiektu kultural aitzindariak sustatzea edo elikagaien industrian duten eragin positiboaren bidez gizarte guztiarentzako onura dakarten lanak. Chefak gizartean duen paper zabalagoa frogatzeko, 100.000 euroko saria jasoko dute nahi duten proiektu sozialean erabiltzeko.

Munduko edozein chef proposa dezake sarirako janariaren arloan aktibo dagoen edonork, sariaren webgunearen bitartez (www.basqueculinaryworldprize.com).

 

  1. Zein da sariaren egutegia (izendapenak, lehen hautaketa, finalistak, etab)?

Hautagaiak izendatzeko prozesua 2017ko maiatzaren 2ra arte egongo da irekita. Epe hori amaituta, akademikoek eta gastronomiarekin zerikusi duten adituek osatzen duten Sariaren Batzordeari helaraziko zaizkio izendapenak. Ekainaren 12 eta 14 bitartean, Sariaren Batzordeak erabakiko du zer izendapenek betetzen dituzten lehiaketaren baldintzak, eta 10 hautagai onenak hautatu eta aurkeztuko dizkio Sariaren Epaimahaiari. Hamar chef horietatik hautatuko dute irabazlea Sariaren Epaimahaiko kideek, bozketa bidez, beharrezkoa balitz, uztailean Mexiko Hirian biltzen direnean. Emaitza berehala jakinaraziko da.

Nork sustatzen du Saria?

Basque Culinary Center (BCC) gastronomiaren arloko munduko unibertsitate prestigiotsuenetako bat da, eta punta-puntako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa du. 2011n inauguratu zen gastronomian hezkuntza, ikerketa eta berrikuntza sustatzeko, munduko chef garrantzitsuenetako batzuen laguntzarekin. BCCren asmoa da chef bat ona izatea eragiten duten faktoreei buruzko eztabaida aldatzea eta sukaldaritza zer den galderari erantzuteko ezagutza sakonagoa zabaltzen laguntzea. Nabarmendu nahi du chefek gastronomia erabiltzen dutela gizartea bera hobetzeko.

Eusko Jaurlaritzak gizarteratzea eta berrikuntza sustatu nahi ditu mundu zabalean. Gastronomiarekin batera, horiek dira sariaren balioak. Euskadirekin lotura sakona dute balio horiek, eta sariaren bidez horiek goretsi nahi ditugu.

  1. Urtero ematen al da sari hau?

Urtero erabakitzen da hurrengo saria noiz eman. Aurten saria emango da, iaz bezalaxe.

  1. Nork finantzatzen du saria?

Ekimen publiko-pribatua da sari hau. Euskadi Basque Country ekimeneko finantzaketa jasotzen du, Eusko Jaurlaritzaren sailarteko estrategia baten barruan.

ARAUAK/ERABAKITZE-PROZESUA:

  1. Nola izendatzen ditu jendeak chefak?

Gure webgunearen bidez: www.basqueculinaryworldprize.com, bertan izendapen-fitxak bete daitezke.

  1. Nor aurkez daiteke sarira?

Gizartean eragina izan duen gastronomiako «proiektu eraldatzaile» baten ardura izan duen pertsona orok irabaz dezake saria. Ibilbide profesional bat izan behar dute chef profesional gisa, munduko edozein bazterretan.

  1. Beharrezko al da hautagaiak chef bezala lanean aritzea orain?

Ez, ez dugu beharrezkotzat jotzen orain chef-lanetan aritzea, baina ezinbestekoa da chef profesional bezala lanean aritu izana.

  1. Iaz izendatu edo 10 finalisten artean sailkatu ziren chefak izenda daitezke berriz?

Bai. Salbuespen bakarra dago: Basque Culinary World Prize saria irabazi dutenak ezin dira berriz izendatu.

  1. Hautagai bat baino gehiago izenda al ditzake pertsona berak?

Bai, pertsona batek saria irabazteko merezimenduak dituen nahi adina hautagai izenda ditzake.

  1. Hautagaiek chef tituludunak izan behar dute?

Ez, ez dugu beharrezkotzat jotzen titulu zehatzak edukitzea, baina ezinbestekoa da chef profesional bezala lanean aritu izana.

  1. Aukera al dute chefek zuzenean beren burua hautagai bezala aurkezteko?

Ez, gastronomiaren munduan aktiboa den beste norbaitek proposatu behar ditu. Ez dago chefek beren hautagaitza zuzenean aurkezteko prozesurik.

  1.  Nola egiaztatzen duzue proposatutako chefei buruz ematen zaizuen informazioa zuzena dela?

Jakina, egiaztapen batzuk egiten ditugu, baina gakoa zera da: izendatzeko prozesua ez da «bozketa» bidez egiten. Prozesuan aurkeztutako edozein pertsonari buruzko informazioa zorrotz aztertuko du Sariaren Batzordeak eta, 10 hautagai onenen artean badago, baita Sariaren Epaimahaiak ere.

  1. BCCko, Sariaren Batzordeko edo Sariaren Epaimahaiko kideek chefak izenda ditzakete sarirako?   

Ez, BCCko, Sariaren Batzordeko eta Epaimahaiko kideek ezin dituzte hautagaiak proposatu BCWPrako.

  1. Nola hautatuko da irabazlea? Garrantzi handiagoa emango zaie irabazleak hautatzeko prozesuko elementu batzuei beste batzuei baino (adibidez, bikaintasunezko gastronomia edo gizarte-erantzukizuna)?

Irabazlea gastronomiaren bidez gizartea hobetu duen pertsona bat izango da. Hori hainbat modutan egin daiteke, adibidez: sukaldaritzako berrikuntzaren edo gizarte-erantzukizunaren aldeko konpromisoaren bitartez, edota jasangarritasunaren edo komunitatearen garapen ekonomikoaren bidez. Gai horiek haztatuko diren modua Sariaren Epaimahaiak erabakiko du, biltzen direnean.

 

  1. BCCko Sariaren Batzordeko edo Sariaren Epaimahaiko kideak sarirako hautagai izan daitezke?

Ez, BCCko batzordeko, Nazioarteko Epaimahaiko, Sariaren Batzordeko eta Sariaren Epaimahaiko kideak ezin dira sarirako hautagai izan.

  1. Kontuan hartzen duzue zenbat pertsonak proposatu duten hautagai jakin bat Epaimahaiari bidali beharreko 10 chefen zerrenda osatzeko?

Ez, izendapen-prozesuaren helburua balizko irabazleen izenak lortzea da. Pertsona bat behin edo ehun aldiz proposatu, Sariaren batzordeak berdin-berdin tratatuko du haren hautagaitza.

 

EPAIMAHAIARI BURUZ

  1. Nor da Sariaren Batzordeko kide 2017an?

Elena Arzak – Munduko emakumezko chefik izentsuenetako bat eta Arzak jatetxeko sukaldeburua; F. Xavier Medina doktorea – Gizarte-antropologoa eta janariaren eta kulturaren inguruko aditua; Marta Miguel Castro – Janariaren zientziako aditua; Jorge Ruiz Carrascal – Janariaren zientziako saileko irakaslea Kopenhageko Unibertsitatean; eta Melina Shannon Di Pietro, Yaleko janari jasangarriaren aldeko proiektuaren sortzaileetako bat eta Kopenhageko Rene Redzepiren MAD fundazio ezaguneko zuzendaria.

  1. Nor da Sariaren Epaimahaiko kide 2017an?

Sariaren Epaimahaiaren presidentea Joan Roca (Espainia) izango da, eta bertako kide izango dira Gastón Acurio (Peru), Ferran Adrià (Espainia), Michel Bras (Frantzia), Massimo Bottura (Italia), Dominique Crenn (AEB), Yoshihiro Narisawa (Japonia) eta Enrique Olvera (Mexiko) chefak, BCCren nazioarteko batzordeko beste kide batzuen artean. Maria Fernanda di Giacobbe, lehen BCWPren irabazlea, epaimahaiko kide izango da ere.

 

Lotutako diziplinetako aditu batzuk ere izango dira Sariaren Epaimahaiko kide, besteak beste, Laura Esquivel nobelagile mexikar ezaguna (Como agua para chocolate liburuaren idazlea); Kirmen Uribe, euskal nobelagile, olerkari eta dramagile ospetsua; eta Cristina Francini, Nazioarteko Legearen eta Giza Eskubideen aditua.

 

  1. Nola hartuko du erabakia Sariaren Epaimahaiak?

Sariaren Epaimahaia Mexiko Hirian bilduko da uztailean eta bertan hautatuko dute irabazlea ematen zaien zerrendatik. Adostasunik ez badago, bozketa bidez ebatziko da irabazlea, gehiengoaren aldeko botoarekin.

 

  1. Zer prestakuntza dute chef horiek sariaren irabazle hautatu ahal izateko?

Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Batzordean daude munduko chef onenetako asko. Nork bere modura, guztiek erakutsi dute nola hobetu daitekeen gizartea gastronomiaren bidez. Fundazioak sortu dituzte, beren ezagutzen corpusa etorkizuneko belaunaldientzako gorde dezaten. 2017ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea ezohiko kide bikain horiek hautatuko dute. Aldi berean, gastronomiaren munduko beste figura garrantzitsu batzuk ere gonbidatu ditugu, beren esperientziaren ekarpena egin dezaten.

  1.  Epaimahaiko kideek 10 hautagai onenen zerrendako chefetako bat ezagutzen badute, jakinaraziko dute interes-gatazka bat dutela?

Sariaren Epaimahaiko kideek hautagairen bat ezagutzen badute, libre dira irabazlearen inguruko eztabaida zehatzetan parte ez hartzeko edo irabazlearekin duten harremana azaltzeko, sariaren emaitza jakinarazi ondoren.

  1. Azkenean, ez al dute epaileek partzialtasunez jokatuko ezagutzen dituzten chefen alde?  

BCC ezaguna da zorroztasun akademikoz jokatzen duelako, eta ikuspegi inpartzial eta objektiboa erabiliko du Sariaren inguruko erabakietan, chefen lorpenak zorrotz aztertuz, hainbat irizpide gastronomiko, sozial eta ekonomikoren arabera. Hamar hautagai onenen zerrenda bat osatuko dute, bertatik Epaimahaiak irabazlea hauta dezan. Ziur gaude Epaimahaiak ere modu objektiboan jokatuko duela.

  1.  Nola sustatzen dituzue horren ezagunak ez diren chefen izendapenak, edo sukaldaritzaren munduan oso ezagunak ez diren herrialdeetatik datozenenak?

Gastronomiaren munduan modu aktiboan dabilen edonork aukera du munduko edozein bazterretako chef baten hautagaitza aurkezteko Basque Culinary World Prize webgunearen bidez. Munduko goi-mailako hezkuntzako erakundeak hautagaiak aurkeztera gonbidatzen ditugu. Sare horien bidez, espero dugu horren ezagunak ez diren chefen berri izatea ere.

  1. Ikusten bada parte hartu beharko lukeen hautagai garrantzitsu bat ez duela inork izendatu, Sariaren Batzordeak / Epaimahaiak aukera dute haren hautagaitza aurkezteko?    

Ez, chefen hautagaitzak webgunearen bidez aurkeztu behar dira saria irabazi ahal izateko. Sariaren Batzordeak eta Epaimahaiak ezin dituzte beren hautagaiak aurkeztu.

  1. Irabazlea hautatzeko prozesuan ez al dute abantaila izango euskal chefek?

Ez, hau nazioarteko erakunde gastronomiko batek ematen duen nazioarteko sari bat da. Irabazlea hautatzeko prozesua guztiz justua izango da. Sariaren Batzordean eta Epaimahaian herrialde ugaritako kideak daude, eta beraz zaila da ikustea nola joka dezaketen herrialde jakin bateko chefen alde.

SARIARI BURUZ

  1. Pertsona batek irabaz al dezake Saria behin baino gehiagotan?

Ez, chef bakoitzak behin baino ezin du saria irabazi.

  1. Zer jasoko du irabazleak?

Irabazleak 100.000 euro jasoko ditu, berak aukeratzen duen eta Basque Culinary Centerrek ezarritako irizpideak betetzen dituen gastronomia sozialeko proiektu batean erabiltzeko.

  1. Nola bermatuko da 100.000 euro horiek behar bezala bideratzea, eta helburu komertzialetarako ez erabiltzea?

Irabazleari Basque Culinary World Prize saria irabazi duela jakinarazten diogunean, diruz lagundu nahi duen proiektu bat izendatzeko eskatuko diogu. Proiektua aztertuko dugu, ikusteko ea gastronomiaren bidez gizartea hobetzen duen proiektu egoki bat den. Chefak lotura izan dezake proiektuarekin, nola ez, baina irabazleak ez du etekin komertzial zuzenik lortu behar hura gauzatzearekin.

  1. Aldez aurretik jakinaraziko al diozue irabazleari saria irabazi duela?

Ez, beste guztiek bezala, uztailaren 18an jakingo du irabazleak saria irabazi duela, albistea Mexiko Hirian jakinarazten denean. Saria 2017ko udazkenean emango da ofizialki, Euskadin egingo den ekitaldi batean.

  1. Sukaldaritzako sari asko ematen dira gaur egun. Zergatik da desberdina BCWP?

Egia da chefak inoiz baino omenduagoak direla gaur egungo gure kulturan. Hala ere, uste dugu beharrezkoa dela gastronomiaren bidez gizartea hobetu duten chefak saritzea. Beste sari ezagun batzuk ematen zaizkie jatetxe onenari edo abilezia tekniko onenak dituen chefari. Sari honekin, ikuspegi zabalagoa hartzen ari gara: beren komunitatean, herrialdean edo munduan eragin positibo handia izan duen chef bat saritzen dugu, ezaguna edo ezezaguna izan.

Ez dugu sari hau beste batzuekin alderatu nahi. Basque Culinary World Prizen ezaugarriei erreparatuz, uste dugu nabarmentzekoa dela munduko chef onenek hautatzen dutela irabazlea eta, beraz, munduko chef sarituenen errespetua izango duela.