Ohiko galderak

  1. Orokorrak

    Zer da Basque Culinary World Prize saria?
    Basque Culinary World Prize (BCWP) nazioarteko sari bat da, ekimen eraldatzaileak dituzten sukaldariburuak saritzeko sortua. Basque Culinary Centerrek (BCC) eta Eusko Jaurlaritzak sustatu dute 2016tik, gastronomiak aldaketa-eragile gisa zer-nolako indarra duen nabarmentzearren. Nazioarteko sukaldariburuen belaunaldi batek bere lanbidearen dimentsioa zabaldu egin zezakeela ulertu zuen, elkartrukeak aberastutako esparru batean sentsibilitateak eta gaitasunak txertatuz; eta, oso bereziki, gizartearekin batera sukaldaritzatik harago ekarpenak egin zitzakeela ulertu zuen. Ekimenak bilakaera hori aitortzen du.

    Gastronomiak bilakaera handia izan duela onartzen du BCWPk; izan ere, sukaldarien belaunaldi batek ulertu zuen sukaldaritzatik haratago ekarpenak egin ziezaiokeela gizarteari, eta, gaur egun, nazioarteko mugimendu hori –ugaritze-efektu handikoa– irismen handiko bihurtu da.

    Nazionalitate guztietako sukaldariburuak proposatu daitezke sarirako www.basqueculinaryworldprize.com webgunearen bitartez. Gremio gastronomikoko profesional orok du proposamenak egiteko aukera

    Saria 100.000 eurokoa da. Gastronomiaren eragin biderkatzaile eta eraldatzailea erakusten duen proiektu batera bideratu behar dute diru hori.  

    Zer balio izan du ekimenak?

    BCWP sariak, kritika espezializatuak Sukaldaritzaren Nobel saritzat jotzen duenak, chefek gaur egun duten ahalmen eraldatzailea nabarmentzen du.

    Munduko sukaldari onenek babesten duten sari aitzindari eta irudikorraren 5. edizioa izango da. Hori dela eta, saririk garrantzitsuena da BCWP sukaldaritzak gizarteari eragiteko duen gaitasuna defendatzen dutenentzat.

    600 izendapenen eta 450 izendatu baino gehiagoren bidez bildutako testigantzak argi uzten du fenomeno gero eta handiago baten norainokoa: mundu osoko sukaldariak ari dira euren ezagutza, talentua, sormena eta lidergoa erabiltzen, sukaldaritza konektatzeko berrikuntzarekin, hezkuntzarekin, jasangarritasunarekin eta ingurumenarekin, garapen sozialarekin, osasunarekin eta teknologiarekin.

    Zer da ekimen eraldatzaileak dituen sukaldariburu bat?
    Eraldaketaz hitz egiten dugunean, aldaketaz ari gara. Horrenbestez, Basque Culinary World Prizek izaera eraldatzailea duten pertsonak ezagutu nahi ditu. Pertsona horien lanak aldaketa garrantzitsuak ekarri behar ditu honako arlo hauetan, besteak beste: hezkuntza, osasuna, nutrizioa, ingurumena, teknologia, berrikuntza, ekintzailetza, industria, garapen soziala edo ekonomikoa.
    Zer ez da Basque Culinary World Prize saria?
    Karitatezko proiektuak edo proiektu sozial hutsak dituzten sukaldariburuentzako sari bat bakarrik. Garapen, berrikuntza, ikerketa eta sormenaren alde ere egiten dugu. Azken batean, sukaldari batek eragin dezakeen eraldaketa ez da ongintzaren esparrura edota alderdi sozial hutsera mugatzen. Fenomeno zabala, askotarikoa eta biderkatzailea dela ulertzen dugu.
    Zein da sariaren denbora-lerroa?
    2021eko martxoaren amaieratik maiatzaren amaierara arte egongo da abian izendapenak jasotzeko prozesua. Lehenik eta behin, BCWPko idazkaritzak –akademikoek eta gastronomia-adituek osatua– aztertuko ditu hautagaitzak. Geroago, uztailean, BCWPko epaimahaiak –sukaldari eta gastronomia-adituek osatua–, eztabaida egin eta irabazlea aukeratuko du (gehiengoaren bozez). BCWP banatzeko ekitaldia azaroan egingo da Euskal Autonomia Erkidegoan, baldin eta COVID-19arekin lotutako inguruabarrek ahalbidetzen badute.
    Nork sustatzen du saria?
    Basque Culinary Centerrek (BCC) eta Eusko Jaurlaritzak ematen dute saria. BCC 2011n sortu zen munduko itzal handieneko sukaldari batzuek babestuta gastronomiaren arloko hezkuntza, ikerketa eta berrikuntza sustatzearren. Era horretan, gaur egun sukaldaritza dena are sakonago uler dadin bultzatzen du, eta gogoeta eragin nahi du sukaldarien gaur egungo rolaz eta gastronomia gizartea eraldatzeko balia daitekeen moduaz.

    Eusko Jaurlaritzak, berriz, saria Euskadi-Basque Country estrategiaren barnean sustatzen du. Herrialde-marka horren babesle eta partaide dira euskal erakunde guztiak, Euskadiren irudi hau bultzatzeko: lan gogorrean, konpromisoan, hobetzeko grinan, eraldaketarako joeran edota emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunean oinarritutako kultura.

    Urtero deitzen al da saria?
    Aurtengoa seigarren deialdi kontsekutiboa da. Edizio bakoitza amaitzean, kronograma berri bat ebaluatuko da.
    Nork finantzatzen du saria?
    Saria ekimen publiko/pribatua da, eta Eusko Jaurlaritzaren funtsak jasotzen ditu.
    Zer da BCWPren idazkaritza teknikoa?

    Sarirako izendatutako sukaldariek sortutako inpaktua bahetzeko, ikertzeko, egiaztatzeko eta aztertzeko ardura duen organoa da. Basque Culinary Center. Halaber, idazkaritzari dagokio 10 finalistarekin txosten bat egiteko ardura, epaimahaiak azken erabakia har dezan.

    Zer egin dezake eta zer ezin du egin irabazleak sariaren 100.000 euroekin?

    Irabazleak proiektu bakar batera bideratu beharko du dirua, gastronomiak ugaritze- eta eraldaketa-efektua duela frogatzen duen proiektu bakar batera, hain zuzen.

    Irabazleak ezingo du hornidura inolako bereizketarik gabe banatu: sariaren sustatzaileekin batera, bere proposamena baliozkotu beharko du, sariaren balioen arabera jokatze eta beharrezko parametroak betetze aldera.

    Proposatzeko prozesua

    Nola proposatzen da sukaldari bat?
    Hautagaiakwww.basqueculinaryworldprize.com webgunean eskura daitekeen inprimakia betez proposatzen dira.
    Nork proposatu ditzake?
    Gastronomiaren arloko profesional orok. Komunitate gastronomikoa indarra eta ahotsa dituen kolektibo gisa ezagutzea ezinbestekoa da ekimen eraldatzaileak dituzten pertsonaiak aurkitzeko, jendaurrean agian ezezagunak direlako. Horregatik, gremioa parte hartzera animatzen dugu, hautagaiak proposatzeko.
    Zer profil hartu behar da kontuan hautagai bat proposatzeko orduan?
    Edozein nazionalitateko sukaldariak izan daitezke sarirako hautagai, dela euren ibilbidean egindako lan iraunkorragatik, dela abiarazitako ekimen zehatzengatik. Profesional eraldatzaileak nahi ditugu: edozein nazionalitatetako edo sukaldaritza-kulturako gizon-emakumeak, islatzen dutenak sukaldaritza nola izan daitekeen lagungarria aurrerapen zientifiko edo teknologikoen bidez, beroketa globalaren aurka nola borrokatu daitekeen, berrikuntzarekin, elikagaigintzarekin, hezkuntzarekin eta biodibertsitatearekin lotutako gaietan nola egin dezakegun aurrera, nola bultzatu daitezkeen kontsumo-aldaketak, nola sakondu dezakegun aurrerapen sozial edo ekonomikoetan lurralde-apustuen bidez, edo tokiko ekoizleen, jatorrizko kulturen edo mundu globalean arriskuan dauden identitateen alde nola egin daitekeen, esate baterako.
    Proposatu al dezake sukaldari batek bere burua sarirako?
    Ez, gastronomiaren arloko profesional aktiboek eta sektoreko erakundeek proposatu behar dituzte hautagaiak.
    Aurreko edizioetako hautagaiak –edo finalistak– berriz ere hautagai izenda al daitezke?
    Bai, bereziki hautagai horren lanak eragindako aurrerapenak direla-eta berriz ere aintzat hartzea merezi badu. Basque Culinary World Prize sariaren aurreko irabazleak dira salbuespen bakarra, pertsona berak ezin baitu saria bi aldiz irabazi.
    Zer egiten da proposatutako pertsonen informazioarekin?
    Sariaren idazkaritza teknikoak hautagaitzak aztertu eta berretsi egiten ditu. Epaimahaiak ez ditu jakinarazten izendaturiko pertsonen datu pertsonalak, eta BCWPk konfidentzialtasuna ziurtatzen du.
    Proposatu al dezake hautagai bat baino gehiago pertsona batek?
    Bai, pertsona batek nahi adina hautagai proposatu dezake.
    Sukalde batean lanean egon behar dira hautagaiak gaur egun?
    Ez nahitaez. Sukaldaritzako esperientzia eduki behar dute, ordea.
    Sukaldariburu kualifikatuak izan behar dira hautagaiak?
    Ez dago xedatuta sukaldariburuek berariazko kualifikazio akademikorik eduki behar dutenik, baina sukaldari gisako ezagutza profesionala eduki behar dute.
    Nola egiaztatuko da proposatutako sukaldariburuei buruz emandako informazioa zehatza dela?
    BCWPren idazkaritzak proposamenetan emandako informazioa balidatuko du. Ikertu ondoren, hautagai bakoitza banan-banan baloratzeko behar den informazio guztia barne hartzen duen txosten zehatza egingo du. 
    Egin al dezakete proposamenik BCCko kideek, haren patronatukoek, Nazioarteko Batzordekoek zein BCWPren Epaimahaiko kideek?
    Ez.
    Nola erabakiko da saria? Izango al dute garrantzi handiagoa balorazio-irizpide batzuek beste batzuek baino; bikaintasun gastronomikoak edo erantzukizun sozialak, esaterako?
    Irabazleak, bere ekintzen bitartez, gastronomiaren ahalmen eraldatzailea adierazi behar du, honako arlo hauetako proiektuen bitartez: sukaldaritza-berrikuntza, osasuna, nutrizioa, hezkuntza, ingurumena zein garapen soziala, besteak beste, edota, oro har, elikagaigintzan eragin positiboa duten ekintzen bitartez. Epaimahaikideek eztabaidatuko dute BCWPren mezua hoberen ordezkatzen duena aurkitu arte.
    Izan daitezke hautagai BCCko kideak, haren patronatukoak, Nazioarteko Batzordekoak zein  Epaimahaiko kideak?
    Ez.
    Kontuan hartuko al da hautagaiek jasotzen dituzten proposamenak Epaimahaiko hamar sukaldariburuak erabakitzeko orduan?
    Ez, irabazle izan daitezkeenen izenak biltzea da proposatzeko prozesuaren helburua. Sariaren Idazkaritza Teknikoak berdin jokatuko du proposamen bat edo hamaika proposamen jasotzen dituzten pertsonekin.
    Zer egiten du BCWPk izendatzen dituzten pertsonen informazioarekin?
    BCWPk isilpean gordeko du izendatzen dituzten pertsonen informazioa; izan ere, informazio hori ez zaio ez Batzorde Teknikoari ez epaimahaiari emango. Sariaren Idazkaritza Teknikoak hautagaitzak baliozkotu eta prozesatu ondoren, ebaluazio-organoek hautagaitzak jasotzen dituzte, jakin gabe nork izendatu zuen nor.

    Epaimahaiari buruz

    Nor dira epaimahaikideak 2021an?
    Irabazlea aukeratzeko bileran egon diren BCCko Nazioarteko Kontseiluko kideek osatzen dute epaimahaia, modu berezian gonbidatutako diziplinarteko adituekin batera.
    Nola hartuko du erabakia Epaimahaiak?
    Sariaren epaimahaikideek finalisten zerrendakoen artetik bozkatuko dute irabazlea, Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluaren bileraren barruan eginiko batzar itxian. Diziplinarteko ikuspegitik, hautagaien profila baloratuko dute zer-nolako ospea duten alde batera utzita; hala bada, haien lana, proiektuen garrantzia, izandako eragina eta zer testuingurutan egin duten baloratuko dute.
    Zer kualifikazio dute sukaldari horiek sariaren irabazlea erabakitzeko?
    Basque Culinary Center-eko Nazioarteko Kontseiluak ezerk baino hobeto erakusten du gastronomia indar eraldatzailea izan daitekeela. Haren kideak sariaren izaeraren isla ezin hobea dira, sukaldaritza ulertzeko beste era bat bultzatzeko gauza izan dira eta. Horregatik, ezin egokiagoak dira beste arlo batzuetako adituak ere barne hartzen dituen Epaimahaia osatzeko, irabazlea diziplinarteko ikuspegi batetik hautatu dezaten.
    Zer gertatzen da epaimahaikide batek erlazioren bat badu finalista batekin?
    Epaimahaikide batek erlazioren bat badu hautagai batekin, ezingo du hautagai horri buruzko hausnarketan parte hartu.
    Nola bultza daitezke sukaldaritzako trebeziagatik horren ezagunak ez diren sukaldariburuen edo herrialdeen proposamenak?
  2. Gastronomiaren alorrean zuzenean esku hartzen duen pertsona orok du aukera mundu osoko hautagaiak proposatzeko, Basque Culinary World Prize sariaren webgunearen bitartez. Erakunde akademikoei ere egiten zaie hori egiteko deia. Sare horien bitartez hain ezagunak ez diren sukaldariburuak identifikatzea espero dugu.

    Sariari buruz

    Nork irabaz dezake saria?
    Gizarteari eragin positiboa dakarkioten ekimen eraldatzaileak abiarazten dituen sukaldari orok irabaz dezake saria, haren ospe-maila edo jatorria edozein izanik ere. Hautagaiek gastronomiaren esparruko ibilbide profesionala eduki behar dute, eta ekintza zehatzetan esku hartu behar dute. Haien lana, proiektuen garrantzia, izandako eragina eta testuingurua hartuko dira kontuan.
    Egon al daiteke berdinketarik?
    Ez.
    Zer sari jasoko du irabazleak?
    Irabazleak 100.000 euro jasoko ditu aukeratzen duen proiektu eraldatzailera bideratu ditzan, Basque Culinary World Prize sariaren irizpideei jarraikiz betiere.
    Nola bermatuko da 100.000 euro horiek egoki erabiltzen dituztela eta ez xede komertzialetarako?
    Basque Culinary World Prize saria irabazi duela irabazleari jakinarazi ondoren, proposatutako proiektua aztertuko da haren ekarpenak gizartea gastronomiaren bitartez eraldatzeko zer-nolako balioa duen egiaztatzeko. Sukaldariburua lotuta dagoen proiektu bat izan daiteke, jakina, baina ezin dio zuzeneko onura komertzialik ekarri sukaldariburu irabazleari. Zehatz-mehatz dokumentatu beharko da baliabideei ondoren zer erabilera ematen zaien.  Sustatzaileek ekarpena behar bezala erabiltzen dela zainduko dute.
    Basque Culinary World Prize sariak sukaldariburu eraldatzailea bilatzen ditu, aldaketak sortzeko bokazioa duten gizon eta emakumeak, alegia. Sukaldariburu langile eta ekintzaileen lana nabarmendu nahi dugu, bikaintasuna bilatzen duten horiena; jende berritzaile eta sortzailearena, nekaezin, iritzi orokorraren kontrako eta ausartegi ere badirenen lana, baina batez ere, ingurunearekin konprometiturik dauden pertsonena. Sukaldaritza gizartean eragiteko erabili nahi dutenen lana nabarmentzen du, proiektu jakin batzuk aurrera eraman dituztenena.