Anthony Myint

Winner 2019

“Sukaldaritzan hasi nintzen jatetxeek mundua leku hobeago bat bihurtu dezaketelakoan, eta orain zazpi urte aita egitea inspirazioa izan zen niretzat aztertzeko nola egin diezaioketen aurre sukaldariek klima aldaketari. Harrez gero, zientzialariek berretsi dute lurra osasuntsu edukita eta nekazaritzan egoki jardunda beroketa globala konpondu daitekeela. Benetan hunkituta nago Basque Culinary World Prize sariak elikaduraren munduaren barruko irtenbide baikorretan fokua ipini duelako, eta oso ohore handia da niretzat mugimendu handiago baten hasiera izango dela espero dudan honen ordezkari izatea. Nire ustez, elikaduraren munduko osagai guztiek, hau da, sukaldariek, mahaikideek, baserritarrek eta legegileek beren indarrak batu ditzakete elikadura sistema berriztagarri bat sortzeko.

Anthony Myint sukaldariak irabazi du 2019ko Basque Culinary World Prize saria, gastronomia gizarteak dituen erronkarik premiazkoenetako bati, hau da, klima aldaketari aurre egiteko motor gisa erabiltzeagatik. Ikerketa eta tresna praktikoak konbinatuz, Myint jatetxeekin elkarlanean ari da ingurumenean duten inpaktua murrizteko neurrirako konponbideak aurkitzeko.

Bere ZeroFoodprint proiektuaren bitartez eta The Perennial Farming Initiative-ren bitartez, Myintek jatetxeen eta ingurumenaren arteko harremana esploratzen du. Elikagaien enpresei karbono aztarna murrizteko aukera bideragarriak gomendatzen dizkie, baita karbono igorpenei dagokienez neutrala izateko moduak ere. Gama handiko dozenaka jatetxe konbentzitu ditu mundu osoan, iraunkortasunaren alde berak gidatzen duen mugimenduarekin bat egin dezaten, tartean Noma (Danimarka) eta Benu (San Frantzisko) jatetxeak direla.

2019an, The Perennial Farming Initiative ekimenaren bitartez, Kaliforniako estatuarekin ere indarrak batu eta “Restore California” programa abiarazi zuen. Programa horrek jatetxeen ingurumeneko aztarnaren gaineko informazio gardena ematen die hornitzaile eta kontsumitzaileei, erabaki hobeak hartu ahal izateko. Zerrendako jatetxe guztiak neutroak izan daitezke karbonoan, edo tokiko nekazariei lagundu diezaiekete eguratseko karbono dioxidoa kentzen.

Ekonomian eta Asiako Ikerketetan titulua edukita, Myintek, bere emazte Laren Leibowitz kazetariarekin batera, ingurumeneko aktibismoa eta aktibismo soziala sartu ditu bere ahaleginen artean, 2008an Mission Street Food jatetxe ospetsuan bere karrerari ekin zionetik.